Bisitari hori,

Zuri-Baltza xake taldea sortu genuenetik mende erdia baino gehiago igaro den arren, klubean ez dugu hasiera hartako indarra eta grina galdu. Kultura eta kirol arloan, dihardugun auzoko dinamizatzaileak gara eta, horretaz jabetzeko, hala gure lokalean nola lokaletik kanpo antolatzen ditugun ekintzetara hurbildu besterik ez dago.

Jendaurreko jarduerarik aipagarrienak Bilboko Aste Nagusian eta Santutxuko jaietan burutzen ditugu, baina, horietaz haratago, klubak askotariko ekimenak antolatzen ditu urtean zehar. Jai giroko jarduerez gain, Zuri-Baltza xake taldeak lan garrantzitsua burutzen du irakaskuntzaren alorrean, bai gure lokalean bertan, bai inguruko ikastetxeetan. Jardun horretarako, haurrentzako zein helduentzako klaseak ematen dituzten monitoreak ditugu. Izan ere, egun inoiz baino argiago dugu xakea hezkuntzarako eta aisialdirako tresna dela.

Xakean patrozinatzaile-eredua gailentzen ari den arren, gure kluba Euskadiko maila goreneko taldea da, eta ez dauka inolako babeslerik. Zuri-Baltzak beti harrobiko jokalarien aldeko hautua egingo du, eta gure asmoa da ikastaroetan formakuntza jasotako haurrek beren kirol-ibilbidea gure taldeetan egitea.

Bestalde, gure kluba hazten ari da, hala materialari nola bazkideon kopuruari dagokionean. Gure liburutegiak, aldian aldian, liburu eta aldizkari berriak jasotzen ditu, New in Chess eta Peon de Rey, kasu. Gainera, duela gutxi informatika ekipo berria eskuratu eta lehen genuena ordezkatu dugu. Hori guztia gutxi balitz bezala, azken denboraldian, bazkide berrien iritsierari esker, bost talde osatzea lortu dugu.

Gure klubaren eskaintzarik onenak jardunaldiak, ikastaroak eta klaseak dira. Eta, jakina, hori guztia ez litzateke posible izango, egun taldea osatzen dugun hogeita hamar bazkideon laguntzarik gabe.

Santutxu inguruan bizi bazara eta xakea gogoko baduzu, pasa zaitez Antonio Egiluz kalean dugun lokaletik. Ez zara damutuko!